historikoa izan da: 150.000 lagun baino gehiago bildu dira Durango-Iruñea arteko 123 kilometroko giza katean, Gure Esku Dago-k arratsaldeko hiruretan jakinarazi zuenez. Dinamikak duela urtebete zioen gutxienez 50.000 lagun beharko zirela. Oso erraz gainditu du zifra.
Festa handi bat izan da giza katea, hura sustatzeko azken asteetan egin diren ekitaldiak bezala. Hori da dinamika honen balio bat; alaitasuna, baikortasuna, energia positiboa.
Kateko partaide gehienak goizeko hamarretarako euren lekuetan ziren, asko eta asko autobusean joanda, mila autobusetik gora ibili dira atzera eta aurrera. Eta 2.500 boluntario aritu dira guztia ondo atera zedin. Katea osatu artean txarangak, joaldunak, kantu saioak, trikitilariak, txalapartariak eta hamaiketakoak izan dira.
Borondate librearen ariketa bat izan da. Lagun bakoitza berak erabakita joan da, kolektibo baten, herri baten erabakitzeko eskubidearen alde egitera. Horri guztiari forma ematen jarraitu nahi dute Gure Esku Dago-ko kideek, datorren udazkenean batzar handi bat eginda. «Konfiantzako espazio berriak» sortu direla nabarmentzen dute. Ekainaren 8an, behintzat, giza kate erraldoi bat osatu dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina